martes, 12 de marzo de 2013

Naturan kokatutako habitata


Proposatu zaigun azken ariketa honetan dagoeneko aukeratu eta aztertu dugun tokian 4 pertsona zehatzentzako bizitoki bat osatu beharko dugu. Bizitoki hau bi kontzeptuen inguruan antolatuko da, finkotasuna kolektibotasunari lotua batetik eta mugikortasuna bakarkakotasunari lotua bestetik. Modu honetan antolatu beharko den habitat honetan, behar kolektiboak modu finko batean eraikiko dira eta banakako beharrak modu mugikor batean. Hau da, habitat honetatik bertan bizi den pertsona bat joatean, berak bera espazio pribatua eraman ahal izango du. Modu berdinean eraikuntza mota ezberdina izan beharko da, batetik finko eta betikotasunekoa eta bestetik mugikor, aldakor, muntatu eta desmuntatu daitekeena, nolabait garraiagarria.

Esan ziguten eran, espazio komunak 40 m2 izan behar zituen eta bakarkako espazioak bakoitzarenak 20 m2 gehienez. Orotara eraikiko zen azalera 100 m2 izango zen. Azalera maximo honek oztopoak jarri dizkit familiak eskatutakoa eraikitzeko. Baina oztopo horiei aurre eginez honela geratu da nire proiektua:



Habitateko pertsonen nahiei dagokionez, lehenago esan dudan bezala, ezin izan dira bete proiektu honen mugak neurri handi batean gainditzen baitzituzten. Hala ere, hasieran pentsatutako ideia eta bukaerakoa nahiko antzekoak dira, izan ere bazeuden habitateko zenbait gauza hasieratik argi nituenak. Baina egia da ere buelta asko eman dizkiodala egun hauetan zehar eta gauza asko aldatu ditudala irakasleen iritziei eta argudioei jarraituz.

Habitataren kokapena kontuan hartuta espazio ireki bat planteatu behar da. Aitak esan zidan moduan, beretzat garrantzitsuena bista onak edukitzea zen, beraz, kristalera bat ezarri dut itsasora begira. Honek kanpoko aldera ematen du eta deskonektatu eta erlaxatzeko leku ezin hobea dela deritzot. Beirate hori kontuan hartuta orientatu dut eraikina. Sarrera aurreko aldetik dago, errepideak ematen duen lekuan. Gurasoen logela bikoitza da eta itsasora begira dago eta gurasoek eskatu zidaten bezala, Getaria ikusi daiteke bertatik. Nire anaiaren eta nire logelak indibidualak dira, eta zuzenean daude espazio finkoarekin komunikatuta. Hauek ekialderantz daude orientatuta, itsasora eta mendira bistak edukiz aldi berean.


Espazio kolektiboari dagokionez aipatu beharra dago bainugelarekin arazoak eduki ditudala eta aldaketa asko sufritu dituela proiektuan zehar. Hasieran bi komun jarri nahi nituen baina irakasleak ideia entzun bezain laster kendu zidan burutik. Beraz komun bakar bat egitea erabaki nuen. Hasieran iskin baten jarri behar nuen baina denbora igaro ahala konturatu nintzen erdian jartzen banuen espazioak bereizten lagunduko zidala eta horretarako dago dagoen lekuan; sukaldea eta egongela nolabait bereizteko. Gainera, komuna erdian jartzeak espazio finkoan zehar besteei traba egin gabe mugitzea ahalbidetzen zidan.

Eraikinaren formari erreparatuz, espazio finkoa lurrean itsatsita dago eta espazio mugikorra baino altuera handiagoa dauka. Modulu mugikorrak, ordea, lurretik metro erdi daude jasota errazago kendu edo jartzeko. Bestalde, ikus daitekeenez, erabilitako forma nagusia kuboa izan da. Kuboa erabili dut elementu geometriko sinpleena delako eta proiektu honetarako oso ondo egokitzen zela iruditzen zitzaidalako. Izan ere, kuboa oso erraza da montatzeko eta estetikoki indar handia dauka. Hona hemen habitataren planoak eta marrazki batzuk:










Proiektu honekin gauza asko ikasi ditut eta lehenago nituen ideia zehatzak beste ikuspuntu batetik ikustea ahalbidetu dit. Azaleraren oztopoak lagundu dit ulertzen habitataren kontzeptua eta hasi naiz desegiten lehen etxe kontzeptuarekiko nuen ideia.

Naturan kokatutako habitata: Lekua eta pertsonak.

LEKUA

Klasean planteatutako ariketa honetan zera eskatu digute: ingurugiro ez hiritar batean toki bat aukeratu eta 4 pertsonaz osaturiko talde baten elkarbizitzarako beharrezkoa den habitat bat sortzea. Beraz, hori izango da helburu nagusia. Nik aukeratu dudan tokia ondoren detaile gehiagorekin deskribatutakoa da, Igeldo mendian kokatuta. Berdegune bat dago, aurrean baso txiki bat duena itsasoari begira eta alboan bidexka bat lekura iristeko.

Beraz, nire helburua leku hori habitagarria egitea izango da eta bertan biziko diren pertsonen bizikidetasuna erraztea eta atsegina egitea. Beste helburu bat habitata lasaitu eta deskonektatzeko erabiltzea izango da.






Kokapenari buruz, Donostian dago, Igeldon, Kukuarri ondoan eta honen hedapena 52 ha-koa da. Hona hemen tokiari buruzko zenbait ezaugarri:

  • Sozialak (Igeldo): 1072 biztanle ditu. Donostiako auzo honek herritar izaera aldarrikatzen du.
  • Klima (Donostia): Klima ozeanikoa da, tenperatura hotzepelak eta hezetasun nabaria. Urtean zehar euri ugari egiten du (140 egun/urte) eta bataz besteko tenperatura 14 gradukoa da.
  • Ingurugiroa: Landa gune izaera hoberen mantentzen duen auzoa da. Nahiz eta azken hamarkadetan txalet ugari eraiki diren, urtean zehar izaten dituen bisitak nabarmenki ugarituz.
  • Esperientziak eta sentsazioak: Esperientzia asko ez dauzkat leku honetan baina askotan igaro naiz goiko errepidetik bizikletaz ala kotxez. Joan naizenean lasaitasunak zirrara sortu dit: olatuen hotsa eta itsasoaren eta mendiaren arteko fusioa.




PERTSONAK

Proiektu hau egiteko aukeratu ditudan lau pertsonak nire familia dira; gurasoak, Marian eta Miguel, eta anaia, Adrian. Esan beharra dago bakoitzari galderak egin nizkionean proiektuaren mugak ezagutzen ez genituenez, denok gure nahiak etxebizitza ideal baterako plantatu genituela, Olentzerori eskutitza idazten egongo bagina bezela.

Miguelen interesak argazkilaritza, irakurketa, kirola eta musika dira. Aitari habitaterako ze nahi zituen galdetzerakoan zera erantzun zidan: “Bista onak nahi ditut eta terraza bat itsasora begira. Ahal izanez gero ez legoke gaizki txoko bat edukitzea bodega eta mahai handi batekin bazkari eta afariak antolatzeko. Garajea handia izatea nahi dut ere tailer batekin. Eta garrantzitsuena, baratza!”

Marianek oso gogoko du bidaiatzea, irakurtzea eta kirola egitea eta honi galdetu nionean hau izan zen bere erantzuna: “Logelan jantzitoki handi bat eduki nahi dut eta bainugela dutxa handi batekin. Sukaldea modernoa izatea eta espazio handia edukitzea. Nahiko nuke ere portxe polit bat udarako gauetarako.”

Adrianek nire interesetako asko partekatzen ditu, besteak beste musika eta futbola. Anaiari galdera bera egin nionean, bueno… hau esan zidan… : “Txakurra txabola eta guzti, musika gela bat gitarra, teklatua eta bateria jotzeko. Nahiko nuke ere igerileku bat eta saskibaloi kanasta bat.” Nik saiatuko nintzela erantzun nion.

Eta azkenik ni. Nik proiektuetarako maketak eta lanak egiteko ikasgela ekipatu bat nahi nuen, igerilekua eta egongela handi bat. Bistak garrantzitsuak iruditzen zitzaizkidanez kristalera bat nahi nuen itsasora begira.

Behar kolektibo zein indibidualak eta nahiak konbinatu eta ahalbidetzeko ondorengo mapa kontzeptuala planteatu nuen (nahiz eta gero zenbait murrizketa egin behar izan nituen espazio kontuagatik):