Joseba Oteizak eta biok egindako lan honetan arkitektura zer den galderari
erantzuteko eta ondoren erantsitako maketan irudikatzeko ahaleginak egin
ditugu.
Maketa egiteko garaian alderantzikatutako piramide antzeko forma
geometrikoa aukeratu dugu arkitekturaren aurpegi ezberdinak irudikatzeko.
Hauetan alde zientifikoa, artistikoa eta sentimenduak bereizi ditugu. Esan
beharra dago gure proiektuaren lehenengo aukera piramide bat egitea zela baina
piramidearen aldeak puntu zehatz batean amaitzen dira eta, gure ustez,
arkitektura hori baino konplexuagoa da. Hori dela eta piramideari buelta eman
eta aldeak bereizi dizkiogu. Puntu sinple baterantz gindoazela uste genuen,
baina konplexuagoa den zerbaitetara goaz, eta aniztasun hori ulertzean datza
arkitektura.
Arkitektura konplexua da, baina ez dugu izaera horren beldurrik izan behar.
Arkitekturak, piramideak bezala, aurpegi asko ditu, aspektu teknikoak,
artistikoak, bizitza ulertzeko tresna bezala ere ulertu daiteke. Izan ere, arkitekturak
sortzen dituen espazioek eragin zuzena izango dute gure bizitzeko, lan egiteko
edo besteekin erlazionatzeko moduan.
Azken finean, arkitektura bizitzeko modu bat dela esan dezakegu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario